Thursday, January 26, 2012

Googlek pauso berria eman du erabiltzaileak gehiago kontrolatzeko

Bere eskuetan dituen zerbitzu guztien konfidentzialtasun politika bateratu du Googlek; modu horretan, erabiltzaile batek zerbitzu ezberdinetan dituen datuak gurutzatu ahal izango ditu. Aldaketak martxoaren 1etik aurrera jarriko ditu martxan konpainiak eta erabiltzaile guztiek onartu beharko dituzte, Googleren zerbitzuren bat erabili nahi badute, behintzat.
Googleren esanetan, aldaketek internetako erabiltzaileen esperientzia eta erosotasuna hobetzea dute helburu. "Laburbilduz, zerbitzu ezberdinak erabiltzen dituen pertsona, erabiltzaile bakar baten modura hartuko dugu aurrerantzean", aipatu du konpainiak.
Horrez gain, erabiltzaile baten datuak gurutzatuz, erabiltzaile horri hitzordu batera berandu iritsiko dela esan diezaioke Googlek: "Bere agenda aztertzeko aukera izango dugu, momentu horretan non aurkitzen den jakin dezakegu eta trafikoaren egoera ere jakin dezakegu".
Lehenengo aldia izango da, beraz, Googlek zerbitzu ezberdinetan parte hartzen duten erabiltzaileen informazioa bateratuko duena. Lege aldaketa honek kritika gogorrak jaso ditu kontsumitzaile elkarteen eta datuen babeserako elkarteen aldetik. Erabiltzailearen anonimotasuna mantzentzea askoz ere zailagoa izango dela deritzote elkarte hauek, eta Googlek kontrol zorrotzagoa ezarriko duela.
Hala eta guztiz ere, Googlek ezingo du erabiltzaile baten informazioa hirugarren batekin partekatu, baimenarekin ez bada behintzat. Gainera, erabiltzaile orok bere datuak errekuperatu ahal izango ditu (teorian bederen) nahi duen momentuan. (www.argia.com)

No comments: